Sar zaitez hemen
Donostia
San Sebastián

Kaldereroak, jaiaren jatorria eta bilakaera.


XIX. mendean, eta agian lehenagotik ere, ohikoa zen noizean behin Donostiara iristea Europako erdialdetik abiatuta Europan zehar ibiltzen ziren familia edo tribu batzuk. Hiriko gertakizun handietakoa izaten zen kaldereroen etorrera, besteak beste, haien jazkerak, kantak, dantzak eta ohiturak oso bereziak eta ikusgarriak zirelako.
Gure artean zeudelarik, beren lanbideari ekiten zioten: eltzeak, bertzak eta metalezko beste gauzak konpontzen zkituzten. Eskulangile trebeak zirenez, Donostiako jendeak lan asko enkargatzen zizkien.
Historian zehar, Donostia, hiriaren kokapena eta jarduera ekonomikoak zirela eta, irekia eta integratzailea izan da. Horren adierazgarria da nola jakin duen hainbat kasutan gertaera historiko batetik abiatuta festa bat antolatzen. Horrela, hirian zeuden atzerritar soldaduen desfileak gure ihauterietako danborrada festa alaiaren aitzakia bihurtu ziren.
Kandelaria eguna zen 1884an, orain 120 urte, gure Konpartsak lehen aldiz kalera egin zuenean, Sarriegi gogoangarriak moldaturiko piezak kantatuz. Harrezkero, Hungariako Kaldereroen Konpartsak, gorabehera eta hutsuneak izan baditu ere, Donostiako Ihauterietako osagarri bazterrezina izan da.Hainbat talde arduratu dira 120 urte horietan kaldereroak antolatzeaz : Euskaldun Fedea, Euskal Billera, Gaztelupe, Gaztelubide, eta 1972tik hona, KTEk babesturiko Batzorde bat.

Kaldereroen Konpartsak ezin hobeto erakusten du nola eutsi dakiokeen tradizio bati, festa hobetzeko diren berrikuntza guztiak onartzearekin batera.
Horrela, dokumentatuta dago 1925ean sartu zirela hartza eta hezitzailea, baita ere, orain dela urte batzuk larunbatean ospatzea erabaki zela, eta azken urte hauetako kontua da, Konstituzio Plazako taulatuan orkesta oso bat, eta hungariar dantzak dantzatzen dituen talde bat aritzea, kaldereroen jardunari ikusgarritasuna eta kalitatea erantsiz.
Gainera, hasieran hauzo bakar bateko konpartsa zena, beste auzo, ikastetxe eta inguruko herrietara ere zabaldu da, denek gozatu nahi baitute kaldereroen festak dakarren alaitasuna.